URTARRILAREN 1ETIK AURRERA, 350 BAT TAXILARIK PARTE HARTUKO DUTE TERMINAL FISKALAREN PROIEKTUAN.
Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean abiatu zuen terminal fiskalaren proiektu pilotua, 44 taxilari boluntariorekin, Ekonomia Gardena egitasmoaren barruan. Terminal Fiskalaren proiektuan parte hartzen duten profesionalek konpromisoa hartzen dute, edozein salmenta egiten dutenean, bezeroari faktura emateko eta faktura hori Ogasunera bidaltzeko, dispositibo elektroniko baten bidez.
Hasieran 44 taxilari boluntario hasi baziren ere, beste 300 inguruk ere proiektuan parte hartzeko interesa azaldu dute. Hortaz, urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako 350 bat taxilarik, erdiak baino gehiagok, parte hartuko dute ekonomia gardeneko proiektu honetan.
Orain arteko fase pilotuak balio izan du sistemaren intzidentzia batzuk atzemateko. Izan ere, profesionalak sistemarekin ohitu artean, arazo batzuk gertatu dira inpresora itzalita faktura inprimatzea saiatzeagatik edo tabletean sistema piztuta uzteagatik telefonoarekin ezin sartu. Detektatutako arazoek konponbidea izan dute.
"Gainontzean, programak oso ondo funtzionatzen du. Alde horretatik ez da arazorik izan", adierazi du Helena Francok. Proiektu pilotua martxan egon den hiru hilabeteetan ia 39.000 faktura inprimatu dituzte taxilariek. Batez besteko faktura ia 12 eurokoa izan da.
Eskaerak egiteko epea
Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak lankidetza hitzarmena sinatu du Gregorio Alias Jericó G.TAXI elkarteko lehendakariarekin. Hitzarmen honen bidez, taxilarien bi elkarteek Aldundiarekin lankidetzan jardungo dute proiektua garatzeko. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera taxilari gehiagok izango dute terminal fiskalean parte hartzeko aukera. Horretarako eskaera egin beharko dute azaroaren 10a baino lehen. Elkarteetatik kanpo dauden taxilariei eskutitza bidaliko die Ogasunak proiektua azalduz eta parte hartzeko animatuz. Abenduan ekipoak banatuko zaizkie taxilariei eta boluntario berriekin trebakuntza saioak egingo dira.
Teminal fiskalak %75eko portzentajea gastu kengarri gisa aplikatzeko aukera eskaintzen die parte hartzen duten profesionalei (portzentaje orokorra %65 da). Ogasun diputatuak adierazi du sektore honi ez zaiola pribilegio bat eskaintzen. "Errekonozimendu bat da, ekonomian eta gizartean egiten duten ekarpenagatik", esan du.
"Aitzindariak izan gara Terminal Fiskal proiektuarekin Gipuzkoan.Gure iritziz etorkizuna bide horretatik joango da. Zentzu horretan nahiko argigarria izan da aste honetan jakin duguna, hain zuzen ere, Espainiako Agentzia Tributarioak antzeko sistema derrigorrezkoa egin nahi duela enpresa handientzat 2017tik aurrera", azaldu du Ogasun diputatuak.
Horrez gain, proiektua beste sektore batzuetara zabaltzeko lanean ari da Ogasuna. "Egoerak anitzagoak dira beste sektoreetan eta horrek zaildu egiten du proiektuaren sustapena, baina urratsez urrats joango gara zabaltzen Terminal Fiskala eta Ekonomia Gardena", adierazi du Helena Francok.
Gizarte honetan faktura eskatzeko eta emateko ohitura zabalduta ez badago ere, norabide horretan sakontzea komeni dela gaineratu du. Zentzu horretan, egitasmo honez gain, herritarrak kontzientziatzeko kanpaina abiatuko du Gipuzkoako Ogasunak datozen egunotan, uztailean egin bezala.